GIBaren estrategia bihurria, agerian

GIBaren estrategia bihurria, agerian
2009/06/01 | Elhuyar
Laborategian hazitako linfozito baten irudia, mikroskopio elektronikoarekin hartua eta koloreztatua. Partikula berdeak dira hiesaren birusak.
CDC

Uste zuten baino bide konplexuagoa erabiltzen du hiesaren birusak zelulen barrura sartzeko

Orain arte, ikertzaileek uste zuten GIBa zelularen azaleko errezeptorera lotzen dela, mintzarekin bat egiten duela gero, eta, ondoren, bere edukia askatzen duela zelularen barrura. Birusaren RNA erreplikatu egiten da orduan; guztira, prozesuak hamar bat minutu irauten duelakoan zeuden. Orain, ordea, Maryland Unibertsitateko G. Melykan ikertzaileak gidatutako taldeak frogatu du zelula barrura sartzeko prozesua askoz ere konplexuagoa dela.

Ikertzaileek ikusi dutenez, GIBa errezeptorera lotzen denean, zelularen zaku batzuek (endosoma) birusa bildu egiten dute. Hau da, endozitosia gertatzen da, eta endosomek ordu erdiz isolatzen dute birusa zelularen zitoplasmatik. Gero, baina, birusaren kanpoko geruzak bat egiten du endosomaren mintzarekin, eta, hala, birusak bere edukia zitoplasmara askatzea lortzen du.

Horrez gain, GIBaren infekzioa eragozten duten inhibitzaileak aztertu dituzte, eta frogatu dute endozitosian parte hartzen duen entzima bat (dinamina) blokeatzen badute GIBak ezin duela zelula infektatu.

Ikerketa Cell zientzia-aldizkarian argitaratu dute. Hiesa lehen faseetan tratatzeko botika eraginkorrak garatzeko baliagarria izango den itxaropena dute ikertzaileek.

1
254
2009
6
018
Mikrobiologia; Medikuntza
Albisteak
18
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila