Hiesa eragiten duen birusak, GIBak, kalte handiagoa egiten die sistema immunearen gene arruntak dituztenei ezohiko geneak dituztenei baino. Hori adierazi dute AEBetako Chicagoko Northwestern Unibertsitateko ikertzaileek.
Hain zuzen, sistema immunearen proteina berezi batzuk kodetzen dituzten hiru geneak aztertu dituzte ikertzaileek. Proteina horien zeregina hiesaren birusak bildu eta zelularen azalera ateratzea da. Gero, sistema immunearen T zelulek azalean birusa duen zelularekin topo egin eta zelula osoa suntsitzen dute, eta, horrekin batera, baita birusek eta proteinek osatutako multzoa ere.
Giza populazioan hiru gene horien aldaerak daude, eta, nonbait, aldaera eta konbinazio zabalduena duten pertsonei kalte handiagoa egiten die GIBak. Hortaz, zenbat eta desberdinagoa izan populazio bat, orduan eta zailagoa zaio GIBari hedatzea, eta alderantziz.
Ikertzaileen arabera, GIBak gizakiaren sistema immunearen eboluzioan eragiten du; era berean, gizakiaren sistema immuneak ere eragiten du GIBaren eboluzioan. Gainera, ikerketaren emaitzak kontuan hartzekoak dira txertoa egiteko.