GIB birusaren laguntzaileak jomugan

GIB birusaren laguntzaileak jomugan
2008/02/01 | Elhuyar
(Argazkia: Artxibokoa)

Kasuen % 80an, sexu-harremanen bidez kutsatzen da hiesa, zehazki, GIBa duten gizonezkoen semenaren bidez. Semenak GIBaren transmisioan duen eginkizuna aztertu dute ikertzaileek, eta konturatu dira semenaren osagai batzuek garrantzi izugarria dutela GIBaren transmisioan.

Alemaniako Ulm Unibertsitateko eta IPF farmazia-konpainiako ikertzaileak elkarlanean aritu dira semenaren osagaiak aztertzen, eta GIBaren transmisioan duten eragina ikertzen. Hala, frogatu dute prostatako fosfatasa batek kutsatzen laguntzen diola GIBari. Nonbait, fosfatasa horrek zuntz amiloideak eratzen ditu; zelula-kulturetan ikusi dutenez, zuntz horiek hiesaren birusak harrapatzen dituzte, eta ostalariaren zelulekin elkarrekintza izaten laguntzen diete.

Ikerketa horrek balio lezake GIB birusaren kontrako botikak garatzeko beste bide bat aurkitzeko. Hain zuzen, lan horretan ari dira Bostongo Harvard Medikuntza Eskolako genetikari batzuk, GIB birusari aurre egiteko giza proteinak aztertzen. GIB birusaren kontra gehienetan erabiltzen diren botikek birusaren proteinei eragiten diete. Talde horrek, berriz, birusek zelula ostalarietan sartzeko behar dituzten proteinetan eragiten duten botikak garatu nahi ditu. Horrelako proteinak bilatzen dihardu taldeak, eta aurrerapen handia egin du: ikerketa hasi aurretik pare bat dozena proteina baino ez zituzten ezagutzen, eta orain 250 baino gehiago dituzte identifikatuta.

Giza proteinen kontrako botikak garatzea, dena den, arriskutsua ere izan daiteke, gehienetan substantzia toxikoak izaten baitira. Konponbidea litzateke birusei bidea oztopatzea, eta, aldi berean, gaixoari ahalik eta kalte txikiena eragitea.

1
239
2008
2
033
Farmakologia; Medikuntza
Berriak labur
14

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.