Botikarik gabe GIB birusa kontrolpean edukitzeko gai direnen afera argitu dute

gib-birusa-kontrolpean
GIBak, horiak, immunitate-sistemako zelula bat infektatzen. Arg. Alergien eta Gaixotasun infekziosoen AEBtako Insititutua (NIAID)

Giza Immunoeskasiaren Birusa (GIB) eduki arren, gaitza kontrolpean mantentzeko gai diren lagunen kasua argitzea lortu du ikertzaile-talde batek. Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa batean azaldu dute fenomenoaren atzean dagoen arrazoia.

GIBa duten lagunen artean, % 0,5 inguru gai dira haien kabuz birusaren erreplikazioa geldiarazteko, paziente gehienek bizitza osoan zehar hartu behar dituzten botika antirretrobiralak erabili behar izan gabe. Horren atzean dauden arrazoiak argitzeko, bi talde horietako lagunen artean milioika zeluletan txertatuta dauden GIB birusen genomak sekuentziatu eta alderatu dituzte ikertzaileek.

Egiaztatu dute gutxiengo bitxi horrek GIB birus gutxiago dituela, baina horiek txertatu ohi direla transkripzio birala egiteko egokiak ez diren genomaren eremu zehatzetan; besteak beste, zentromeroetan eta 19. kromosoman dauden zenbait genetan. Horregatik, lagun horien artean zailagoa da birusaren berraktibazioa.

Lagun baten kasuan, gainera, ez dute DNA birikoaren aztarna osorik aurkitu aztertutako 1.500 milioi odol-zeluletan. Horregatik, lagun horrek sendaketa bere kabuz lortu duelakoan daude ikertzaileak, momentuz hori ziurtatzeko moduan ez daudela aitortu badute ere.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila