Geneen ordutegia

Geneak zer ordutan espresatzen diren argitu dute, eta kontuan hartzekoa izan liteke medikamentuen erabileran

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

geneen-ordutegia
Organo bakoitzean geneen espresioaren ordutegia. Arg. University of Pennsylvania School of Medicine

Milaka generen espresioaren ordutegia argitu dute saguetan, Pennsylvaniako Unibertsitateko Perelman Medkikuntza Eskolako ikertzaileek. Eguneko 24 orduetan zehar geneen espresioa nola banatzen den aztertu dute, eta horrek medikamentuen erabileran zer garrantzia izan dezakeen ere azpimarratu dute. PNAS aldizkarian argitaratu dute lana.

Bost urtez aritu dira Pennsylvaniako ikertzaileak saguen genomaren espresioaren ordutegia ikertzen. Ikusi dute proteinak kodetzen dituzten geneen %43k erritmo zirkadianoren bat duela. Oro har, egunsentia eta ilunabarra baino lehen espresatzen dira gehien geneak, baina ikusi dute gorputzeko organoaren arabera desberdina dela erritmoa. Esaterako, gibelean eta giltzurrunetan arratsaldeko seietatik aurrera dira aktiboen geneak, eta biriketan eguerdian.

Ordutegi hau garrantzitsua izan liteke medikamentuen erabileran. Hain zuzen ere, ikertzaileek azpimarratu dute Munduko Osasun Erakundearen ezinbesteko botiken zerrendako 250 medikamentuen erdiak erritmo zirkadianoa duten geneek kodetzen dituzten proteinetan eragiten duela. Hala, oso litekeena da medikamentu horien eraginkortasuna desberdina izatea ordu batean edo bestean hartu. Izan ere, medikamentu horietako askok gorputzean denbora gutxi irauten dute.

Urteak dira botikak hartzeko ordutegiaren garrantzia ikertzen ari direla, eta emaitza batzuk ere lortu izan dira, kimioterapiaren kasuan, esaterako. Baina orain arte proba eta errorea zen hori ikertzeko modua. “Orain badakigu medikamentuen zein itu dauden ordutegiaren mende eta noiz eta non den haien zikloa gorputzean”, dio John Hogeneschek, prentsa-oharrean.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila