Gene jauzilariak, martsupialioen eboluzio-jauziak ordenatzeko

Gene jauzilariak, martsupialioen eboluzio-jauziak ordenatzeko
2010/11/01 | Elhuyar
Erretroposoietan oinarrituta garatutako martsupialioen zuhaitz filogenetikoa. Arg.: M.A. Nilsson et al., PLoS Biology.

Hego Amerikan dago martsupialioen jatorria, eta migrazio bakarrean pasa ziren Australiara

Erretroposoi esaten zaien gene berezi batzuetara jo dute Alemaniako Münster Unibertsitatean martsupialioen eboluzioa eta banaketa nola gertatu zen azaltzeko. Hirurehun espezietik gora ditu martsupialioen taldeak, besteak beste, kanguruak, zarigueiak eta Tasmaniako deabrua; eta Amerikan eta Australian bizi dira batez ere.

Orain arte bildutako datu genetikoek eta fosilek ez dute ematen animalion eboluzioari buruzko emaitza bateraturik. DNAk iradokitzen du Hego Amerikako arbaso bat Australiara iritsi zela artean kontinenteak elkartuta zeudenean, eta, hortik aurrera, talde bakoitzak bere aldetik eboluzionatu zuela. Fosilei begiratuta, ordea, atzera-aurrera gehiago gertatu direla dirudi.

Nahasmen hori nolabait argitzearren, ordura arte aztertu ez zituzten DNA-zatitxo batzuei erreparatu zieten Münster Unibertsitateko biologoek, erretroposoiei, alegia. DNAtik askatu, kopiatu eta genomaren beste posizioren batean txertatzen diren DNA-zati txiki batzuk dira. Gainera, ohikoena izaten da batetik bestera joandakoan sekuentzia egonkorrak izatea eta mutaziorik ez izatea.

Hortaz, informazio-iturri fidagarritzat jotzen dituzte espezieen eboluzioa ezagutzeko: bi espeziek erretroposoi jakin bat baldin badute genomaren leku jakin batean, seguru asko ahaidetasun handiagoa izango dute elkarrekin erretroposoi hori ez duen batekin baino. Eta espezie jakin batek ez baldin badu gainerako gehien-gehienek duten erretroposoi bat, litekeena da horiek guztiak baino lehenago sortutako espezie bat izatea, edo antzinako espezie batetik eratorritakoa izatea.

Azterketan ikusi dutenez, martsupialio-espezie guztiek 10 erretroposoi partekatzen dituzte. Horrenbestez, denak arbaso beretik eratorri direla berretsi dute. Horretaz gainera, ondorioztatu dute Hego Amerikakoak zuhaitz filogenetikoko adar zaharrenetan daudela, haiek baitira erretroposoi gutxien dituztenak. Azkenik, erretroposoiek iradoki dute Australiako eta Amerikako martsupialioek bereiz egin dutela aurrera; hau da, eboluzionatu ahala ez dutela izan harreman handirik elkarrekin. Datu guztiak batera hartuta, ikertzaileek adierazi dute migrazio bakarra gertatu zela Amerikatik Australiara, eta hortik aurrera sortu zirela gaur egun dauden espezie guztiak.

1
269
2010
11
011
Eboluzioa; Zoologia; Genetika
Albisteak
14
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila