Gaueko txori-ehiztaria

Gaueko txori-ehiztaria
2007/05/01 | Elhuyar
(Argazkia: A. Popa-Lisseanu)

Europako saguzarrak, oro har, intsektujaleak dira. Horregatik, eztabaida izan da gau-saguzar handiaren inguruan (Nyctalus lasiopterus); izan ere, txoriak ere ehizatzen dituela esan zuten 2001ean Doñanako Parke Naturaleko ikertzaile batzuek. Sinesgogorrek froga gehiago eskatu zizkieten, eta, orain, froga horiek argitaratu dira, eta denak ados daude, antza.

2001ean Doñanako ikertzaileek (Carlos Ibañez buru zutela) argitaratu zuten lumak aurkitu zituztela gau-saguzar handiaren gorotzetan (ahoan lumak zituen ale bat ere harrapatu omen zuten). Gau-saguzar handiak paseko txoriak ehizatzen dituen seinale omen zen hori: migrazio-garaian, udazkenean eta udaberrian, intsektuak ez ezik txoriak ere ehizatzen zituela uste zuten.

Jokaera hori ez da ohikoa, eta trebezia handia eskatzen du hegan harrapakin handiak ehizatzeak. Hori dela eta, beste aditu batzuk sinesgogor agertu ziren, Arlettaz suitzarra, besteak beste. Hortaz, Doñanan froga gehiagoren bila jarraitu zuten, eta Arlettaz bera ere haiei bildu zitzaien.

Saguzarraren dieta ezagutzeko, odol-analisiak erabili zituzten. Dietaren arabera, odoleko karbono-isotopoen proportzioa eta nitrogeno-isotopoena desberdina da. Bada, horri esker jakin zuten udaberrian saguzarrak txoriak jaten dituela, udan intsektuak soilik, eta udazkenean txoriak, udaberrian baino gehiago, gainera. Emaitza horiek bat datoz txorien pase-garaiarekin; udaberrian eta udazkenean pasatzen dira txoriak. Udaberrian, negutik bizirik atera direnak pasatzen dira Doñanatik, eta udazkenean kantitate handiagoetan, kumeak ere izaten baitira.

Beraz, orain zalantzak argitu dira, eta aditu guztiak bat datoz: gau-saguzar handia txori-ehiztaria da.

1
231
2007
5
012
Zoologia
Berriak labur
7
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila