Gasolinaren gehigarri berria

Gasolina modu garbiagoan erretzen laguntzen duten gehigarriek ere sortzen dituzte ingurumen-arazoak.

Metil-t-butil eterra (MTBE) oxigenoan aberatsa da, gasolinari eransten zaio eta errekuntzan gas poluitzaile gutxiago askatzea eragiten du; baina, aldi berean, uraren poluitzaile handia ere bada. Hori dela eta, tinko dihardute kimikariek MTBEaren ordezkoa bilatzen, eta aurkitu ere aurkitu dute: dimetil karbonatoa (DMC), hain zuzen ere. DMCa ez da toxikoa eta, dirudienez, MTBEak baino hobeto egiten du bere lana. Baina DMCa ekoizteko prozesua oso garestia eta arriskutsua izan da orain arte.

Txinako Tianjing-eko Unibertsitateko Yiling Tian kimikariak eta bere lankideek DMCa ekoizteko modu berri eta garbia aurkitu omen dute, baina ez dute prozesu berriaren zehaztasunik eman. Osagai ez-toxikoak erabili dituztela eta prozesua bera arriskurik gabeko kondizioetan egin dutela esan dute. Berriak ingurumenaren ikuspuntutik itxaropena piztu duen arren, prozesuaren bideragarritasuna ikusteke dago oraindik.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila