Jupiter bezalako gasezko erraldoien sorrera azkarra izan zela frogatu dute Harvard-Smithsoniar Astrofisika Zentroko ikertzaileek, beste izar batzuk ikertuta. Hala azaldu zuten Amerikako Astrofisika Elkartearen urtarrileko bileran.
Hori argitzeko, bost milioi urte dituen NGC 2362 izar-kumulua aztertu zuten. Modu horretan, Eguzkiaren masakoak edo handiagoak diren izar guztiek beren disko protoplanetarioak galdu dituztela aurkitu zuten astronomoek. Disko horiek material gordinez hornitzen dituzte eratzeko prozesuan dauden gasezko erraldoiak. Horregatik, gasezko erraldoiak bost milioi urte baino gutxiagoan eratzen direla ondorioztatu zuten.
Dena dela, NGC 2362ko izar askok beren kondar-diskoak gordetzen dituzte, horietan gasezko erraldoiak sortu ez diren seinale. Ikertzaileen ustez, horrek adierazten du izar-kumulu horretan Lurra, Marte eta Pluton bezalako gorputzak formazioan izan daitezkeela oraindik.
Izan ere, Harvard-Smithsoiar Astrofisika Zentroko Scott Kenyon-en esanean, Lurrak bere azken masa lortzeko 20-30 milioi urte eman bazituen ere, Jupiter guztiz formatua zegoen bi edo hiru miloi urtean.