Garunak musika eta hitzak nola bereizten dituen argitu dute

garunak-musika-eta-hitzak-nola-bereizten-dituen
Arg. Eric Nopanen/Unsplash

Neurologoek aspalditik dakite giza garunaren hemisferio bakoitzak modu desberdinean erantzuten diela musikari eta hitzei, baina hori zergatik gertatzen den argitzeke zegoen. Science aldizkarian argitaratutako ikerketa batean horren arrazoia azaldu dute.

McGill Unibertsitateko (Kanada) ikertzaileen arabera, pertzepzioa estimuluan dagoen informazio akustikoaren araberakoa da: hitzen pertzepzioaren oinarrian modulazio tenporal motzak prozesatzeko ahalmena dago. Musikaren pertzepzioan, berriz, soinuen espektroak du garrantzi handiena.

Zientzialariek a capella abestutako 100 esaldi grabatu dituzte, eta, ondoren, grabazioak bi entzutezko dimentsiotan distortsionatu dituzte, espektroa eta denbora aldatuz. 49 laguni eskaini dizkiete soinuak, grabazio horietan hitzak eta melodiak bereiz zitzaten eskatuz. Ingeles eta frantses hiztunak tartekatu dituzte esperimentuan.

Bi hizkuntzetan emaitza berdina jaso dute: denbora distortsionatua izan den kasuetan entzuleek melodia igarri dute, baina ez dituzte hitzak ulertu. Espektroa distortsionatu dutenean, berriz, kontrakoa gertatu zaie: hitzak ulertu bai, baina ez diote soinuari melodia antzeman.

Melodia horiek entzuten zituzten bitartean, parte-hartzaileen garunei erresonantzia magnetiko bidezko irudiak hartu dizkiete, eta hor berretsi dute ezkerreko entzumen-kortexean hizketa prozesatzen dela, eta, eskuinekoan, melodia.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila