Garunak beroa ez du gustuko

Buruan ditugun odol-baso eta arnasbideak bero-trukagailu gisa ere erabiltzen ditugu.
Badakigu garuna beroarekiko oso sentibera dela eta gehiegi berotzeak heriotza ere eragin dezakeela. Katu eta ardiek, adibidez, arteria-sarea dute kopetean eta arterietako odola bertatik pasatzean hozten da garunerako bidean. Gizaki eta primateek ez dugu horrelako sarerik, baina lepoan zehar garunera doazen barne-arteria karotidak arnasbideetatik eta zintzurretik gertu pasatzen dira eta, itxuraz, bertan hozten da odola.

Hori neurtzeko mikrotermometroak jarri dizkiote makako bati eta garuneko odola gainerako ehunetakoa baino hotzagoa dela ikusi dute. Diotenez hau umeen bat-bateko heriotzarekin lotuta egongo litzateke, ahozpez lo hartuta ez bailitzateke nahikoa aire hotz sartuko lepo ingurura eta arnasbideetara eta, ondorioz, garuna gehiegi berotuta hil egingo lirateke.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila