Meagher izeneko doktorea, orain dela zortzi urte guztiz elbarriturik geratu zen gaixotasun degeneratibo baten ondorioz. Pertsona hau izan da, hain zuzen ere, sistema informatiko bati konektatu zaion lehenena. Gizon honek ezin du bere gorputzeko organorik mugitu, baina garun-ahalmena oso-osorik du. Hala ere, sistema informatiko hau bere etxean ezarriz geroztik, gizon honek kafe-makina, ekipo estereoa edo telebista piztu ditzake; telefono-zenbaki bat markatu edo pertsianak igo eta jaitsi ere bai. Baina nola?
Ordenadore-monitore bati begiratuz. Monitorea 64 errekoadrotan zatiturik dago, hauetan letrak nahiz programatzeko oinarrizko aginduak azaltzen direlarik. Sistemak honelaxe funtzionatzen du: gaixoak, nahi duen hitza dagoen monitore-errekoadroari begiratzen dio. Begiek errekoadroaren argitasuna jaso eta garunera bidaltzen dute. Hemen uhin bat sortzen da eta hau, garondoan txertatu zaizkion elektrodo batzuek jasotzen dute. Anplifikadore batek uhina anplifikatu ondoren ordenadorera bidaltzen du eta ordenadoreak monitore batean hitza idatzia erakusten du edo bidali zaion agindua betetzen du.
Sistema hau Erich Sutter fisikariak asmatu du eta arrakasta handia izan dezake elbarrien munduan.