Neurologian aurrerapenak izan diren arren, garuna organo konplexua da eta oraindik ere bertako sekretu asko argitu gabe daude. Oso zaila da neurokirurgiako operazioa eginda garunak oro har nola funtzionatuko duen aurrez jakitea. Izan ere, odol-baso txiki bat haustea aski da ondorio larriak izateko. Gainera, garun guztiek zeregin batzuk badituzte ere, garun bakoitza berezia da bere morfologia medio eta horrek ere kirurgilariari ez dio lana errazten.
Suitzako Zurich-en Eskola Politekniko Federaleko Gabor Székely-ren taldeak irudi digitalizatuak tratatzeko teknika berria prestatu du. Datuen “eskeletizazioa” dela eta, informazio komunak eta pertsona bakoitzari dagozkion bariazioak konbinatu egiten dira. Liburu, atlas anatomiko eta mediku adituen laguntzaz garunaren erretratu robot orokorra osatu dute. Pazientearen garuna 120 irudi “eskaneatuta” hartuz, konparatu egingo da informazio orokorrekin. Teknika honen bidez garuneko zirkunboluzioetan hobeto orientatu ahal izango da.