Garezurren kalapita

Australian aurkitu berri dute Afrikatik eta Ekialde Hurbiletik at inoiz topatu den giza garezurrik zaharrena. Baina aurkikuntza honek istiluak berpiztu ditu Australiako aborigene eta arkeologoen artean.

Bi taldeok Australian topatutako giza hezurren etorkizunari buruz ez dira ados jartzen.

Garezurra Hego Gales Berriko mendebaldean dagoen Mungo lakuko duna hareatsu batean dago eta partzialki bakarrik hondeatuta dago. Bertako aborigeneek ez dute arkeologoek garezurra ikertzeko bertatik erauz dezaten nahi.

Garezurrak duen posizioagatik, 36.000 urte ditu gutxienez eta arkeologoek uste dutenez karbono(14) bidezko datazioak 40.000 mila urteko adina eman diezaioke garezurrari. Gainera oso ondo kontserbatu da eta aurpegiko hezur txikiek oraindik osorik dirautela dirudi.

Aborigeneek beren ondarea babestu nahi dute.

Mungon aurkitutako garezurrak, Australiako giza aztarnekiko eskubidea nork duenaren arazoa berpiztu du. Arkeologoak amorru bizian jarri ziren Commomwealth-eko gobernuek Melbourne-ko museoko hezur aborigeneen bilduma handia aborigeneei itzultzeko erabakia hartu zutenean. Aborigeneen asmoei jaramon eginez, eskeleto horiek birlurperatuak izango dira.

Bilduma honetako hezurdura gehienek bost bat mila urte dauzkate, baina 12.000 eta 15.000 urteko hezurdurak ere badira tartean.

Arkeologoen ustetan, hartu den neurri hau ez da egokia. Izan ere, oraingo aborigeneak garai bateko haien oinordekoak diren baieztatzerik ez bait dago. Adineko aborigeneek iraintzat hartzen dituzte eritzi hauek eta beren arbasoak beti Australian bizi izan direla sinesten dute irmoki. Aborigene gazteenek, gizakiak Australia duela 50.000 mila urte kolonizatu zuenaren aldeko frogak erabiltzen dituzte beren nagusien puntu bera defendatzeko.

Australiako antzinako fosilak eta egungo aborigeneen DNAk, duela 100.000 mila urte gizakia Afrika eta Ekialde Hurbiletik irtenda munduan nola zabaldu zen argitzeko balio handia izan dezakete. Argudio hau erabilita, arkeologoek Mungoko garezurrak eta antzeko kasuak aborigeneen ondare ez eta gizateria osoarenak direla esaten dute. Gainera, egungo aborigene-populazioekin zuzenki lotutako eskeletoen birlurperatzearekin ados daudela eransten dute.

Arazoa ez da erraza eta bi alderdiek arrazoi dute hein batean. Aborigeneek beren arbasoak zaintzeko eskubide osoa dute, eta bestalde, gizateriak badu bere historia deskribatzen lagun dezakeen guztia aztertzeko eskubidea.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila