Gantza bularrak handitzeko

Gantz-zeluletan eta zelula ametan oinarritutako bular-inplanteak ari dira garatzen Japonian. Inplantea jaso behar duenaren zelulak erabili dituzte, eta, horri esker, sistema immuneak ez errefusatzea lortu dute.

Teknika honek ez du ebakuntzarik behar; izan ere, gantz-zelulak eta zelula amak injektatu egiten dira bularretan. Aldez aurretik, emakumearen sabelaldetik edo izterretatik gantza erauzten da; dentsitatearen arabera, zelulak banatzen dira, eta inplanterako egokienak aukeratzen dira.

80ko hamarkadatik ez da gantzik erabili inplanteetan, zelulak hil eta gogorguneak sortzen zirelako. Arazo hori zelula amen bidez konpondu dute: gantz-zelulez gain odol-hodiak ere sortzen dituzte, eta hodiek dakarten odolak zelulak elikatzen ditu. Hala, gantz-zelulek bizirik irautea lortu dute.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila