Galaxia handiak txikia elikatzen du

(Argazkia: NASA, ESA).

Hubble teleskopioak jasotako argazkian Tadpole galaxia nagusitzen den arren, hortik oso gertu, ezkerraldean, harekin lotura zuzena duen galaxia txiki eta distiratsu bat agertzen da. Hala ere, Hubble-k iaz ateratako argazki horretatik ez zen lotura horri buruzko datu adierazgarririk lortu. Ikertzen jarraitu zuten, eta Hawaiiko Keck teleskopioa erabilita ikusi ahal izan zen galaxia handiaren inguruko izarren mugimendua.

Astronomoen esanean, bi objektu kosmiko horien arteko harremana galaxia handiak galaxia askoz txikiagoa elikatzean datza. Bikote galaktiko hori Lurretik bi mila milioi argi-urtera dago.

Galaxia txikia Tadpoleren grabitate-indarretatik aldentzen ari da eta galaxia txikiko izarrak eraztun antzeko esfera bat eratuz barreiatuko dira galaxia handiaren inguruan.

Zientzialariek susmatzen zuten galaxiek elkar elikatzen zutela, baina fenomeno horrekin erlazionaturiko irudiak lortzen diren lehenengo aldia da.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila