Mikroskopioak eta pipetak ez dira gaixotasunak ikertzeko erreminta bakarra. Orain, sateliteak erabiliko ditu Europako Espazio Agentziak Ebolaren aurkako borrokan.
Afrikako oihana du sorburu gaixotasunak, hala diote ikertzaileek, baina orain arte ezin izan dute identifikatu zein animalia den birusaren gordailua. Horretan laguntzeko, ohiko erremintez gain, satelite bidezko datuak eta datu geografikoak erabili nahi dituzte.
Batetik, Ebola birusaren aurkako antigorputzak garatu dituzten hildako animaliak oihaneko zein tokitan aurkitu dituzten zehaztuko da, eta, bestetik, antigorputzok garatu dituzten gizakiak non bizi diren. Satelite bidezko datu meteorologikoez, inguru horiek zein kondizio ekologiko komun dituzten aztertuko dute.
Izan ere, euri-tasak, hezetasunak eta lurrazalaren tenperaturak zeresan handia dute oihaneko hainbat bizidunen bizi-zikloan, eltxoen bizi-zikloan, kasu. Eta, horrelakoetan, satelite bidezko datuak epidemiologian lagungarri izango direlakoan daude ikertzaileak. Europako Espazio Agentziak Epidemio izeneko proiektua jarri du martxan horretarako.