Gailurretan, zelatari... Mendi-pinua

FITXA TEKNIKOA Mendi-pinua

Familia honen barruan zuhaitzak topatuko ditugu eta inoiz zuhaiskaren bat. Zuhaitz hauek, hosto iraunkorrak izaten dituzte eta oso estuak, orratz-formakoak hain zuzen ere, 2, 3 edo 5eko sortetan bildurik. Adaburu piramidala du eta adarrak erregularki bertizilatuak izaten dira. Familia honetan jatorrizko espezien banaketa ondo zehaztea oso zaila da, zona askotan espezie desberdinak landatu baitira. Dena den, eta Euskal Herrira mugatuz, 4 espezie eta hibrido bat onartzen dira, jatorrizkotzat ( Pinus pinaster, P. syvestris, P. uncinata, P. halepensis eta P. x rhaetica ) gainerako espezie eta subespezieak landatuak dira.

J. Terés

Aztergai dugun mendi-pinuak, 25 m-ko altuera har dezakeen arren, normalean bizi ohi den lurzoru eskeletiko eta baldintza desfaboragarriak kontutan hartuz, ale askoz ere txikiagoak ikusi ahal izango ditugu, inoiz 15 metroko espezieren bat topatu ahal izango dugularik. Herrestari modura ere azal daiteke. Enborra zuzena, gris iluna, sakonki zartatua eta teselatan partitua. Adarrak, dentso eta laburrak, kopa estu eta trinko bat eratzen dute. Hostoak, orratza-formakoak, 3-8 cm bitartekoak, binako sortetan taldekatu eta finki zerratuak, kolore berde iluna dute eta 2-5 urte bitarteko zikloa betetzen dute. Kono arrak 5 cm artekoak, horiak eta zilindrikoak izaten dira, emeak berriz handiagoak 10-12 cm bitartekoak, kolore gorri-morekoak, bakarti edo bertizilatuak.

Pinaburuak berriz 3-6 cm bitartekoak, arre-more kolorekoak eta distiratsuak dira eta hazi hegaldun ugari du. Udaberriaren amaieran edota uda hasieran loratzen da, pinaburuak berriz bi uda barru helduko dira eta haziaren banaketa 3. udan gertatuko da.

Trinkotasun gutxiko lurzoruak eta lurzoru heze samarrak ditu gogoko. 1.600 m-tik 2.400 m-ra bitartean aurkitzen da bereziki, zenbait mendilerrotan 2.700 m-ra ikus badaiteke ere. Berezko lekuak Alpeak, Iberiar mendikatea eta Pirinioak ditu eta Euskal Herrian Pirinioetako Orhi mendiaren mendebaldeko maldan soilik topa daiteke.

Oso hazkunde mantsoko eta bizi luzeko zuhaitza da, 600 urte bitartekoa. Estai subalpetarra kolonizatzen du gure lurraldean. Mendi-pinua iristen den lekura, ez da beste zuhaitzik iristen, eta eginkizun ekologiko garrantzitsua betetzen du, bai higadura galaraziz, eta baita bizidun desberdinentzat lagungarri izanik ere. Espezie hau ondo garatzen denean, kalitate oneko egurra ematen du eta eraikuntzan erabili ohi da.

Familia: pinazeoak
Espeziea: Pinus uncinata
Banaketa: arraroa eta lokalizatua
Habitata: 1.600 m-ko altitudetik gorako hezetasunezko zoruetan, gehien bat.
Sendabelarra:

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila