Fukushiman plutonioa isuri zela eta gehiago ikertu behar dela esan dute ikertzaileek

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Fukushimako hondamendia gertatu zenean, Daiichi zentral nuklearretik atmosferara isuritako plutonioaren arrastoak topatu dituzte landareetan, nazioarteko zenbait ikertzailek egin berri duten ikerketa batean. Stephanie Schneider da ikerketa-burua, eta emaitzak irekian eta on line argitaratu dituzte, Nature aldizkariaren webgunean. Emaitzen eta ondorioen berri ematearekin batera, eskaera bat ere egin dute: plutonio-arrastoak sakon iker ditzatela, susmoa baitute uste zuten baino plutonio gehiagok egin zuela ihes zentraletik.

fukushiman-plutonioa-isuri-zela-eta-gehiago-ikertu
Fukushima inguruko eremu bat, erradiazioagatik itxita. Arg. Abasaa/Domeinu publikoa

Artikuluan adierazi dutenez, istripuaren ondoren egindako ikerketa gehienek fisioaren produktu lurrinkorrei jarri diete arreta. Hain zuzen ere, 1, 3 eta 4 unitateetan gertatu ziren gas-leherketetan, iodoaren, zesioaren, telurioaren eta beste elementu batzuen isotopo erradioaktiboak jaurti ziren ingurumenera. Aldiz, uste zuten ez zela aktinidoen isuririk gertatu, edo, izatekotan, isuria oso-oso mugatua izan zela.

Aktinidoen isotopo guztiak erradioaktiboak dira (alfa-erradiazioa igortzen dute), eta erdibizitza luzea dute. Haien artean, plutonio-239 eta plutonio-240 isotopoak nabarmentzen dira: lehenak 24.110 urteko erdibizitza du, eta, besteak, 6.561koa. Eta, hain justu, haietan jarri du arreta ikertzaile-taldeak. Zehazki, lurreko eta landereetako plutonioa neurtu dute, eta, gainera, iraganean arma nuklearrek askatutako plutonioa ingurunean badagoela kontuan hartuta, plutonio hori eta erreaktoretik isuritakoa bereizteko gai den azeleragailu masa-espektrometro bat erabili dute (AMS).

Teknika horren bidez, lurrean ez dute erreaktoretik ihes egindako plutoniorik aurkitu; bai, ordea, landareetan. Hain justu, zentraletik hurbil zeuden landare batzuetan aurkitu dute plutonioa, baina ez denetan. Hala ere, bada hori baino datu deigarriagorik: ikertzaileek susmoa dute zentraletik 16 km-ra zegoen beste landare batek ere bazuela plutonioa. Hori hala balitz, esan nahiko luke plutonioa ez zela denean berdin hedatu, eta, beraz, litekeena dela pertsonak zeuden lekuetara iritsi izana eta haiek plutonioa arnastu izana.

Horiek horrela, emaitzak ikusita eta beste ikertzaile batzuek ere plutonioa aurkitu izan dutela aintzat hartuta, auzia sakon aztertzea eskatu dute artikuluan.

Ur-isuriak, oraingo kezka nagusia

Dena den, egun hauetan, zentralaren inguruan lanean dabiltzanen kezka nagusia tangetan duten ura da. Hain zuzen, erreaktoreak hozteko erabilitako ura da, eta elementu erradioaktiboekin kutsatuta dago. Horregatik ezin dute zuzenean isuri itsasora, eta, irtebide bat topatu artean, tangetan gordeta dute.Lehen ere tangetatik isuriak izan badituzte ere, orain egoera okertu egin da, tifoiaren eta euriteen erruz, eta tangak gainezka egiten ari dira. Guztira, mila tanga dituzte, eta, orain behintzat, badirudi arazo hori konpontzeak duela lehentasuna.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.