Fukushima, bere onera itzuli nahian

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Bi urte igaro dira Fukushiman lehenik hondamendi naturala eta haren ondotik nuklearra gertatu zirela, eta egoera bere onera etorri gabe dago oraindik. Normaltasunera itzultzeak luze joko du, gainera: iazko gobernuak egindako planaren arabera, 40 urte inguru beharko dira hondatutako erreaktoreak kentzeko eta zentrala erabat eraisteko. Oraingo gobernuak, ordea, epeak laburtu nahi ditu, eta horretara bideratu du aurrekontuen zati bat.
fukushima-bere-onera-itzuli-nahian
Fukushima hiriko auzo bat. Arg. Yauchi

Besteak beste, eraisketa-lanetarako tresnen eta roboten ikerketa indartu nahi du Japoniako gobernuak, eta, bestetik, lehenbailehen jarri nahi ditu martxan orain geldirik dauden erreaktoreak.

Izan ere, hondamendiaren aurretik, Japoniak zentral nuklearretatik lortzen zuen elektrizitatearen % 30. Alabaina, geroztik geldirik daude herrialdean egoera onean dauden 50 erreaktoretatik 48. Berez, horien ordez, energia berriztagarrietan oinarritutako instalazioak irekitzeko asmoa zutela adierazi zuen gobernuak, eguzki-energia, eolikoa eta olatuena baliatzeko. Hala ere, badirudi energia nuklearra ere ez duela baztertu nahi, eta zentralak segurtasun-neurri berrietara egokitzeko lanak azkartu nahi ditu.

Alde horretatik, zentraletan ez ezik, inguruetan ere egin behar dituzte egokitzapenak. Lehen ebakuazio-planak 10 km-ko erradioan zeuden herrietan ezartzen ziren; orain, ordea, erradioa 30 km-ra zabaldu da. Eta hori guztia eginda ere, hiru zentral behin betiko itxi beharko dituzte, failen gainean daudelako eraikita.

Minbiziaz gain

Energia eta ekonomia alde batera utzita, osasuna ere kezka-iturri da gobernuarentzat. Berriki, Fukushimako hondamendiak osasunean izandako ondorioei buruzko txostena argitaratu du Munduko Osasun Erakundeak (MOE). Bereziki, hondamendia gertatu zenean haurrak zirenen artean minbizia izateko arriskua zenbat hazi den nabarmentzen du txostenak.

Hain zuzen, emakumezkoek tumore solidoak izateko ohi baino % 4 arrisku handiagoa dute, eta bularrekoa izateko ohi baino % 6 handiagoa. Gizonezkoek, berriz, ohi baino % 7 arrisku handiagoa dute leuzemia izateko. Baina arriskua gehien bat tiroide-minbizian hazi da: ohi baino % 70 handiagoa da emakumezkoetan.

Emergentzia-lanetan ibili ziren langileak ere aipatzen ditu txostenak, eta haietatik heren batek minbizia izateko populazio arruntak baino are arrisku handiagoa dutela jakinarazten du.

Bestalde, erradiazioak osasunean duen eragina neurtzeaz gain, egoera psikosozialak osasunean eta ongizatean ondorio txarrak izan ditzakeela ere ohartarazi du MOEK txostenean, eta horixe bera jarri du agerian Fukushimako Osasun Sailaren azterketak.

Azterketaren arabera, antsietatea, depresioa, eta traumaren ondorengoko estresa ohiko asaldurak bihurtu dira Fukushima inguruan. Bi milioi pertsona baino gehiagok hartu dute parte azterketan, eta buru-osasuna aztertzeaz gain, tiroideen azterketak eta jaioberrien eta erditzeen jarraipenak ere egin dituzte.  Gainera, azterketa orokorrak ere egiten dituzte, batez ere ebakuazio-eremutik kanporatu zituzten biztanleei, bizimodu aldaketak eragin diezaieken arazoak lehenbailehen diagnostikatzeko eta prebenitzeko.

Fukushimako Osasun Sailak argitara eman ditu datu horiek guztiak, eta, horren bitartez, gardentasuna aldarrikatzearekin batera, beste batzuentzat ere baliagarriak izango direlako itxaropena erakutsi dute arduradunek.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila