Froga suntsituak

Istripua izan duen hegazkin batean egon litezkeen lehergai-arrastoak itsasoko uretan desagertu egin daitezke oso denbora laburrean, istripuaren arrazoiak azaltzen lagun lezaketen frogak desagertaraziz.

Ondorio honetara iritsi da Frank Fox kimikaria. 1996ko uztailean, Estatu Batuetako kostalde atlantikoan gertatu zen istripuak eragin du gisa honetako azterlana. Itsasoaren erdian misteriotsuki lehertu zen Boeing 747ko 229 bidaiari hil ziren istripu tamalgarri hartan.

Hegazkin-zati batzuk, uraren gainean geratu ziren eta beste batzuk berriz, hilabete batzuk beranduago errekuperatu ziren.

Istripuaren arrazoiak azaltzeko eginiko azterketa zehatzetan, lehergai-arrastoak aurkitu ziren eta, ondorioz, ikertzaileek lehergai hauek itsasoko uretan izan dezaketen biziraupenari buruz galde egin zioten Fox jaunari.

Azterketak ondorio harrigarriak erakutsi ditu, lehergai-arrastoak, itsasoko uretan aluminiozko xaflaren gainean ipiniz gero, berehala desagertzen baitira. Azalpena ez da erraza, baina esate baterako, lehergaiak uretan disolbatu egin daitezke edo mikrobioak eta argiaren bidez deskonposatu. Dena dela, kasua aurrera daramaten ikertzaileek ez diote jaramon handiegirik egin kimikariari eta erregaiaren deposituan sorturiko txinpartei leporatzen diete leherketa eta ondorengo istripua.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila