Mundu osoko 26 ikerketa-zentrok elkartuta egindako ahaleginari esker, lortu dute patataren genoma sekuentziatzea. Arroza, garia eta artoa bezala, munduko oinarrizko elikagaietako bat da patata; baina orain arte ezin izan dute haren genoma deskodetu, oso espezie konplexua baita genetikoki.
39.000 gene kodetzaile ditu patatak, eta tetraploidea da; hau da, kromosoma bakoitzaren lau kopia ditu zelula bakoitzak. Gainera, heterozigosi-maila handia ageri ohi da, alegia, lau kopien artean desberdintasun ugari daude. Desberdintasunak izan daitezke, adibidez, batzuetan gene batzuk agertzea eta besteetan ez. Horregatik da oso zaila patataren genoma osorik sekuentziatzea.
Ohiko pataten berezko konplexutasun horretaz jabetuta, genoma sinpleago bat duen barietateren bat bilatu zuten ikertzaileek, aukera izan zezaten are gehiago sinpletzeko. Hego Amerikan hazten den barietate bat --DM izena eman zioten-- aukeratu zuten, beste patatek ez bezala, horrek genoma diploidea baitu (kromosoma bakoitzaren bi kopia). Hortik abiatuta, kromosoma bakoitzaren bi kopietako bat hartu eta bikoiztu egin zuten. Hala, bi kopiak berdin-berdinak zirela bermatu zuten, eta orduan bai, ia osorik sekuentziatu ahal izan zuten.
Adierazi dutenez, lehenengo analisian lortutako emaitza garrantzitsuena izan da gaixotasunekiko erresistente bihurtzen dituen 800 gene aurkitzea patataren genoman. Nature aldizkarian eman dute emaitzen berri.