Fotosintesia imitatuz, erregaia sortzeko gai den gailua asmatu dute

fotosintesi-artifiziala-erregaia-sortzeko
Arg. Sarah Collins

Eguzki-argia, karbono dioxidoa eta ura erregai bihurtzeko gai den gailua aurkeztu du Cambridgeko Unibertsitateko (Erresuma Batua) ikertzaile-talde batek. Nature Energy aldizkarian argitaratutako artikulu batean diotenez, hasierako osagai horiekin oxigeno eta azido formikoa lortzeko gai da gailua. Ikertzaileek nabarmendu dutenez, azido formikoa erregaiak egiteko erabili daiteke, eta etorkizunean energiaren merkatuan gero eta garrantzi gehiago izango duen hidrogenoa metatzeko aproposa da.

Argindarrik behar ez duen prozesua da, eta lortutako erregaia, gainera, neutroa da karbonoan. Orain arte halako prozesuetan izan duten zailtasunik handiena izan da hondakin askorik ez sortzea, eta azken prototipo honetan hori lortu dutela ziurtatu dute. Hortaz, fotosintesi artifiziala lortzeko bidean aurrerapausotzat jo dute lortutakoa.

Fotokatalizatzaileak dituen hosto artifizial baten bitartez jasotzen da eguzki-argia. Xafla eraikitzeko erabili dituzten hauts erdieroaleak erraz prestatzeko moduak dira, ikertzaileen arabera. Esku artean darabilten prototipoak 20 zentimetro karratu dituen arren, zenbait metro karratuko xaflak eraikitzeko moduan daudela aurreratu dute, prozesua eskala industrialera eraman ahal izateko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila