Karbono dioxidoa murrizteko bide naturala

Estatu Batuetako Energia Departamentuak bultzatutako ekimen bati esker, Ohio Unibertsitateko zientzialari-talde bat karbono dioxidoko emisioak murriztuko dituen teknika berria garatzen ari da; horretarako algak erabiliko ditu. Algek, beste landareek bezala, eguzki-energia jasotzen dutenean fotosintesia egiten dute eta, erreakzio kimiko batzuen bidez, atmosferako karbono dioxidoa xurgatu eta oxigenoa igortzen dute. Zientzialarien ustez, fenomeno hori erabiliz atmosferara igortzen dugun CO2 kopurua murriz daiteke.

Horrela, Ohioko ikertzaile-taldeak zentral termikoetan igortzen den CO2 kopurua murrizteko asmoz, alga naturalak erabiltzen dituen igorpen-sistema garatu dute. Zentralen CO2-a airera bota baino lehen, urarekin nahasten dute; modu honetan, CO2-a bikarbonato bihurtu eta uretan gelditzen da. Ur hori algez betetako tutuetatik igaroarazten da, eta algek fotosintesiaren bidez uretan dauden bikarbonatoak xurgatzen dituzte.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila