Konposatu kimikoen sail berri bat atomoen arteko loturen teoria kolokan jartzen ari da. Alemaniako eta Britainia Haundiko laborategietan fosforoz eta karbonoz osatutako molekula berriak sintetizatzen ari dira. Loturaren teoriek ezin dituzte eratzen diren egitura bereziak az
aldu.Alemaniako Kaiserlaurten-eko Unibertsitateko Manfred Regitz eta bere lankideek fosforo eta karbonoz ostutako kubo itxurako molekula sintetizatu berri dute. Fosforo- eta karbono-atomoak alternatiboki jarririk daude kuboaren erpinetan. Fosfakubano izena eman diote molekulari. Fosfakubanoa sintetizatzeko t-butilfosfaazetilenoa (fosfa-3,3-dimetilbutanoa) 65 orduz berotu dute 130°C-tan.
Bien bitartean Heilderbeg-eko unibertsitateko Ulrich Zenneck eta bere lankideek antzeko beste lau hidrokarburo fosforatu sintetizatu dituzte. Horietako batek sei fosforo-atomoz eta bost karbono-atomoz osatutako multzo zentrala du, goi aldean girten modukoa duen kuboaren egitura duelarik.
Molekula honek eta fosfakubanoak oso-osorik karbono-atomoz eginiko molekula analogoak dituzte: homopentenoprismanoa eta kubanoa hurrenez hurren. Bi molekula hauek 1976.ean eta 1964.ean sintetizatu ziren eta sintesi organikoaren ahalmenaren garaipen moduan hartu ziren.
Hidrokarburo fosforatuak bere antzeko karbonozko egiturak baino errazago sintetizatzen dira eta batzuek ez dute karbonatuen artean analogorik. Fosfokubanoa ez da kubo perfetua; karbono-atomoen erpinetan angeluak zertxobait zalbalduak daude, 94° dituztelarik.
Zenneck-ek eginiko molekulen artean, batek 5 fosforo-atomo eta 5 karbono-atomo dauzka. Egituraren zati bat hiru atomoz osatutako triangelua da eta loturen arteko angelu bat 50° baino txikiagoa da. Honelako antolakuntzak elektroiak behar baino gertuago ipintzen ditu eta lotura-teoria guztiak hankaz gora jartzen ditu.
Britainia Haundian, Sussex-eko unibertsitatean John Nixon eta lankideek antzeko molekula harrigarriak sintetizatu dituzte. Hauetako batek, sei fosforo-atomo eta lau karbono-atomo ditu eta bi ertzetan atomo estra bana duen kuboaren itxura du. Molekula guzti hauek sintetizatzeko t-butilfosfazetilenoa erabili da. Molekula hau bitxia da berez. Izan ere, teoria zalantzan jartzen zuenez kimikariek ezin zitekeela existitu uste zuten.
Molekulak karbono-atomo baten eta fosforoaren arteko lotura hirukoitza du eta duela gutxi arte lotura hirukoitza karbono, nitrogeno eta oxigeno elementuen artean bakarrik gerta daitekeela uste zuten. Teoriaren arabera, karbono eta fosforoaren arteko lotura hirukoitzik ezin da egon orbital elektronikoek elkar uztartu ezin dutelako eta gainera egitura batean karbono-atomo bat fosforo-atomo batez ordezkatuz gero, ezinezkoa litzateke egitura berak irautea.