Foku biko betaurrekoen ordezkoa

Foku biko betaurrekoen ordezkoa
2006/05/01 | Elhuyar
Ezkerrean, betaurrekoak itzalita hurbileko irudiak nola ikusten diren azaltzen da. Eskuinean, berriz, piztuta daudenean.
Arizonako Unibertsitatea

Begi kliska batean fokua aldatzen duten kristalak garatu dituzte Arizonako Unibertsitatean. Foku biko betaurrekoak ordezkatzea da helburua.

Adinean aurrera egin ahala, begiaren kanpoko geruzak malgutasuna galtzen du; ondorioz, urrutiko objektuetatik hurbilekoetara fokua aldatzea zaila izaten da. Hori konpontzeko erabiltzen ditu jendeak foku biko betaurrekoak, batez ere adin batetik aurrera.

Kristal berriak, berriz, fokua egokitzeko ahalmena du. Hori lortzeko, kristal arrunteko bi geruzaren artean, kristal likidozko bat du. Erdiko geruza horrek, bestalde, elektrodo ñimiño gardenak ditu zirkulu zentrokideetan antolatuta, eta horiek dute kristalaren ezaugarri optikoak kontrolatzeko ardura.

Korronte elektriko txiki baten bidez, aldatu egiten da kristal likidoa osatzen duten molekulen konfigurazioa. Horren ondorioz, kristalak hurbileko gauzak ikustea errazten du. Korronte elektrikorik gabe, berriz, kristalak urrutiko gauzak ikusten laguntzen du.

Ikertzaileen esanean, simulazioetan eta jendearekin egindako probetan, emaitza onak lortu dituzte, eta bi edo hiru urte barru merkaturatzea espero dute. Lehen begiratuan, badirudi bezero dezente izan ditzaketela. Hori bai, merkaturatu aurretik aldaketatxo batzuk egin beharko dizkiete betaurrekoei, estetikoki orain baino erakargarriagoak izan daitezen.

1
220
2006
5
011
Fisika; Elektronika
Berriak labur
4
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila