Flash suntsitzailea

Flash suntsitzailea
2007/02/01 | Elhuyar
(Argazkia: Chapman/Nature Physics)

Argazki-kameraren botoiari sakatu, eta, irudia lortzearekin batera, argazkian ateratakoa suntsitzeak ez dirudi oso egokia izan behar duenik. Alabaina, batzuetan benetan baliagarria da. Hain zuzen ere, horren bidez, proteinen eta beste objektu oso txiki batzuen egitura ezagutzea lortu dute fisikariek.

Proteinen funtzioa duten itxuraren eta egituraren araberakoa da; horregatik, garrantzitsua da jakitea zer egitura duten. Horretarako, ikertzaileek normalean X izpiak erabiltzen dituzte. Aurrena, proteinak kristalizatu egiten dituzte, eta matrize batean haren kopia asko antolatzen dituzte. Kristalak X izpiak desbideratzen ditu, eta horrela sortzen den difrakzio-ereduaren bitartez jakiten dute zer egitura duen proteinak. Gaur egun, sinkrotroi izeneko partikula-azeleragailuen X izpiak erabiltzen dituzte milaka proteinaren egitura ezagutzeko.

Baina hainbat proteina ezin direnez kristalizatu, beste bide bat bilatu behar izan dute ikertzaileek. Berez, sinkrotroi ahaltsuenarekin baino mila milioika difrakzio handiagoa lortzen da proteina X izpiz lehertuta. Arazo bat dago, ordea: difrakzio-eredua berehala jaso behar da, molekulak eztanda egin baino lehen.

Orain, Henry Chapmanek eta haren taldekideek hori egitea lortu dute, molekula bat baino handiagoa den objektu batekin eta X izpiek baino uhin-luzera handiagoa duten izpien bidez. FLASH laserrak igortzen ditu izpiak, eta bereziki diseinatutako ispilu bat ere erabili dute. Difraktatutako X izpiak fotodetektagailu batera bideratzen ditu ispiluak. Teknika berezia eta konplexua da, baina oso baliagarria X izpiko laserra garatzeko bidean.

1
228
2007
2
026
Fisika; Biokimika
Berriak labur
13
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila