Karolinska Institutuak gaur bertan jakinarazi duenez, James E. Rothman, Randy W. Schekman eta Thomas C. Südhof ikertzaileekjasoko dute Fisiologia edo Medikuntzako Nobel saria. Sari horrekin, zelula eukariotoen garraio-sistema nagusiak ―besikulen bidezkoak― nola funtzionatzen duen argitzeko egin duten lana aitortuko die Nobel Fundazioak.
Izan ere, Nobel Fundazioaren arabera, hiruren ikerketak gako izan dira ulertzeko nola garraiatzen diren zelulen barruan ekoizten diren molekula aktiboak funtzioa bete behar duten lekura. Garraio hori besikulen bidez egiten da nagusiki, eta funtsezkoa da haien trafikoak behar bezala funtziona dezan, horren bitartez kontrolatzen baita hormonen, neurotransmisoreen, intsulinaren eta gainerako molekula aktiboen joan-etorria.
Medikuntzaren ikuspuntutik, garraio-sistemaren funtzionamendua ezagutzeak garrantzia handia du, zenbait gaixotasun sistema horren akatsekin lotzen baitira, adibidez, immunologia-sistemaren asaldura batzuk, diabetesa edo arazo hormonalak. Saritutako ikertzaileetako bakoitzak garraio-sistemaren alderdiren bat ikertu du, eta guztien ekarpenarekin lortu da argitzea nola funtzionatzen duen osotasunean.
Garraio-sistemaren puzzlea osatzeko lehen pieza Randy Shekmanek jarri zuen. 1970eko hamarkadan hasi zen garraio-sistema ikertzen, legamietan. Haien sistema edozein zelula eukariotorenaren parekoa da, eta konturatu zen legamietan gertatzen zen akats batek jatorri genetikoa zuela. Akats horren ondorioz, molekulen trafikoak ez zuen ondo funtzionatzen eta molekulak metatu egiten ziren. Shekmanek buxadura eragiten zuten mutazioak aurkitu zituen lehenik, eta, gerora, zelulen garraio-sistema kontrolatzen zuten hiru gene-mota identifikatu zituen.
Bigarren pieza James Rothmanek jarria da. 1980-1990 hamarkadetan, besikulen bidezko garraioa ikertu zuen ugaztunen zeluletan, eta besikulak helburu zituzten mintzekin nola fusionatzen ziren aurkitu zuen. Frogatu zuenez, fusio hori besikulek eta mintzek dituzten proteina batzuen bidez gertatzen da: besikularen eta mintzaren proteinak elkartzen direnean, kremailera bat bezala irekitzen dira, eta horri esker igarotzen dira besikulan bilduta dauden molekulak mintzaren beste aldera. Proteinen arteko loturak espezifikoak dira, eta horrek bermatzen du molekulak leku eta norabide egokian garraiatzea.
Nobel Fundazioak saritu duen azken pieza Thomas Südhofi zor zaio. 1990ko hamarkadan egin zituen ikerketan, aurreko ikertzaileek egindako bidean sakondu zuen, eta fusioa agintzen duen seinalea nola kontrolatzen den argitu zuen. Hain zuzen, neuronen arteko komunikazioa ikertzen ari zela, konturatu zen neurona batetik bestera neurotransmisoreak igarotzeko seinalea kaltzio-ioien menpekoa dela. Kaltzioa neuronen arteko komunikazioaren giltza dela frogatzea lortu du Südhofek, eta gaur egun ere sinapsiaren makinariak nola funtzionatzen duen ikertzen jarraitzen du bere laborategian.