François Englert eta Peter W. Higgs fisikariek jasoko dute aurtengo fisikako Nobel saria, oinarrizko partikulek masa nola hartzen duten azaltzen duen teoriagatik. 1964an, bakoitzak bere aldetik proposatu zuten teoria hori, gerora Higgs bosoia izenez ezaguna egin zen partikulan oinarritua. Eta, iaz, CERNen iragarri zuten Higgs bosoia aurkitu zutela.
Englertek eta Higgsek proposatutako teoriak beste teoria handi baten arazo bat konpontzen zuen. Eredu estandarra da teoria handi hori, partikulen fisika ordenatzen duen teoria, hain zuzen ere. Eredu estandarren arabera unibertsoko objektu guztiak partikula-mota jakin batzuez osatuta daude, eta indar edo interakzio jakin batzuek gobernatzen dituzte oinarrizko partikula horiek. Baina teoria horrek bazuen arazo handi bat: ez zuen azaltzen partikula batzuek zergatik duten masa.
XX. mendearen erdialdean fisikari asko saiatu ziren arazo horri irtenbidea ematen, eta hainbat teoria plazaratu zituzten. Baina, sendoena eta aurrera egin zuena 1964an François Englertek eta Robert Broutek (2011n hil zen) alde batetik, eta Peter W. Higgsek, bestetik, proposatu zutena izan zen. Haiek iragarri zuten partikula guztiak eremu batean sartuta egon zitezkeela: Higgsen eremuan. Partikula batzuk inongo trabarik gabe mugitzen dira eremu horren barruan, eta beste batzuk ez, elkarrekintza bat dutelako eremuarekin. Eta horren arabera, partikulek masa dute edo ez. Alegia, Higgs eremuarekin elkarreragiten ez duten partikulek ez dute masarik (fotoiek, adibidez), eta elkarreragiten dutenek bai (elektroiek eta quarkek, adibidez). Eta elkarrekintza-mailaren arabera, masa gehiago edo gutxiago izango dute.
Higgsen eremua partikula batek transmititzen du: Higgs bosoiak. Eta partikula hori aurkitzea zen teoria baieztatzeko modu bakarra. Eredu estandarrak beharrezkoa zuen partikula hori, eta horregatik, azken urteetan lan asko egin da eta baliabide asko jarri dira Higgs bosoia aurkitzeko. Beteak beste, LHC azeleragailu erraldoia jarri zuten lan horretan. Lan zaila zen; existituta ere, litekeena zen bosoi bakarra ez izatea. Nolanahi ere, Rolf Heuer CERNeko zuzendariak, Elhuyar aldizkariari emandako elkarrizketa batean, esan zuen 2012ko abendurako jakingo zutela Higgs bosoia benetan existitzen zen ala ez.
Lehen albistea, ordea, urtebete lehenago iritsi zen: 2011ako abenduaren 13an LHCren bi detektagailutan aurkitu zituzten bosoiaren zantzuak, ATLASen eta CMSn. Handik gutxira, gainera, Tevatron azeleragailuan ere aurkitu zuten bosoiaren seinalea. Oso albiste onak ziren, baina ez behin betikoak. Hori 2012ko uztailaren 4ean etorri zen. CERNetik baieztatu zuten Eredu Estandarrean falta zen partikula ez dela burutazio teoriko bat: benetan Higgs bosoia detektatu zutela.