Fermilab laborategian, jo eta su

Fermilab laborategian, jo eta su
2009/05/01 | Elhuyar
(Argazkia: Fermilab (USDE))

Lan eta lan ari dira Estatu Batuetako Fermilab Azeleragailu Laborategi Nazionalean, eta lan hori fruituak ematen ari da. Astebeteko tartean, bi aurkikuntza handi egin dituzte.

Lehenik, esan zuten egindako esperimentu batzuek zalantzarik gabe adierazten zutela quark gailurrak, edo top quarkak, ezagutzen diren quark astunenak, bakarka sor daitezkeela. Orain arte binaka sortzen baino ez dituzte ikusi. Partikulen fisika ordenatzen duen eredu estandarrak aurresaten du bakarka ere sortzen direla, eta, orain, dirudienez, frogatu egin ahal izan dute hori Fermilaben.

Handik astebetera, inoiz lortutako zehaztasun handienarekin eman zuten W bosoiaren masa. % 99,95eko zehaztasunez esan zuten W bosoiak 80,401 +/- 0,044 GeV/c2-ko masa duela. W bosoia naturako oinarrizko lau indarretako bat, indar nuklear ahula, transmititzen duen partikula bat da, eta, besteak beste, desintegrazio erradioaktiboa gertatzea egiten du posible.

Bi aurkikuntza horiek aukera eman diete Fermilabeko zientzialariei Higgs bosoi ezezagunaren ustezko masa gehiago zehazteko. Izan ere, eredu estandarrak esaten du lotura konplexu bat dagoela quark gailurraren eta W bosoiaren masaren eta Higgs bosoiaren masaren artean. Hala, beste biak hobeki ezagututa, aukera izango dute zientzialariek Higgs bosoiaren propietateak ezagutzeko, eta hain luze jotzen ari den bilaketa gehiago fintzeko. Eta, esan dutenez, lehen jotzen zuten baino arinagoa da, ustez, Higgs bosoia, existitzekotan. Orain arte jotzen zuten Higgs bosoiak, gehienez, 185 GeVko energia izan zezakeela. Orain, Fermilabeko zientzialariek esan dute bosoiak izan dezakeen masa handienarekin nekez izan dezakeela 160 eta 170 GeV arteko energia.

1
253
2009
5
010
Fisika
Albisteak
11
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila