Monte Perdido glaziarrean egindako ikerketa batek agerian jarri du izotzean dauden ezpurutasunek mikroegitura birmoldatu dutela, dinamika aldatu, eta degradazioa bizkortu. BC3k gidatu du ikerketa, eta lehen aldiz aztertu dute, sakon, glaziarretako izotzaren hainbat elementuren elkarreragina. Annals of Glaciology aldizkarian argitaratu dute emaitza, klima-aldaketagatik glaziarrak duten portaerari buruzko gakoak eskaintzen dituelakoan.
Monte Perdido Ordesako Parke Nazionalean dago, eta balio ekologiko eta kultural handiak ditu. Haren glaziarra Europako hegoaldekoenetako bat da, eta, azken urteetan, nabarmen ari da galtzen: 2011 eta 2020 artean, % 12,9ko azalera galdu du; bereziki, klima-aldaketa antropogenikoaren eraginez. Iragarpenen arabera, egungo klima-joerei eutsiz gero, datozen 50 urteetan glaziarra desagertu egingo da.
Bilakaera hori hobeto ulertzeko ahaleginean, Monte Perdido glaziarreko 2017ko izotz-nukleo baten azterketa mikroestruktural sakona egin dute. Izotzalab BC3 tenperatura baxuetan espezializatutako laborategian egin da analisia, eta nukleoaren 20 cm-ko sekzio batean jarri dute arreta, kolore marroi-gorrixkako ezpurutasun-geruza nabarmen batek markatuta baitzegoen.
Ikerketak agerian utzi du ezpurutasun horiek nabarmen aldatzen dutela izotzaren barne-egitura. Hain zuzen, zenbat eta partikula gehiago egon, orduan eta izotz-ale txikiagoak eta irregularragoak (ez hain biribilduak) agertzen dira. Izotz polarrean aurrez egindako ikerketa ugarik adierazten dute egitura-aldaketa horrek glaziarraren barne-mugimendua errazten duela. Hortik ondorioztatu dute, Monte Perdidon ere, aldaketa mikroestruktural horiek glaziarraren fluxua bizkortu dezaketela eremu beroago eta baxuagoetara, eta horrek izotza azkarrago urtzea eragingo lukeela.
Horrez gain, ikertzaileak saiatu dira jakiten nondik datozen partikula horiek eta nola txertatzen diren glaziarraren egituran. Azterketaren arabera, Monte Perdido glaziarreko izotz-nukleoan dauden partikulak Saharako basamortutik datoz, haizeak ekarrita. Beste leku batzuetan, sumendien errautsak eta bestelakoak ere izan daitezke. Edonola ere, iragarri dutenez, etorkizunean gero eta ohikoagoak izango dira halako gertakariak.