Ez zipriztintzeko fisika

Tanta batek gainazal bat jotzen duenean zipriztinak ateratzen dira, tantatxo txikiagoak, alegia. Bada, gertakari hori ikertzen dute Chicagoko Unibertsitatean. Zer ikertu badago; izan ere, ezaugarri askok dute eragina fenomeno horretan, besteak beste, likidoaren biskositateak, presioak eta tanta erortzen den inguruneko gasaren pisu atomikoak.

S. Lehtonen

Ikertzaileek ikusi dute bereziki tantaren inguruko gasak eragiten diola emaitzari, eta, esate baterako, presioa gutxitu ahala zipriztin gutxiago ateratzen direla; eta badela presio jakin bat non hortik behera ez den zipriztinik ateratzen. Presio hori gasaren pisu atomikoaren araberakoa da: gasak zenbat eta pisu atomiko handiagoa izan, orduan eta altuagoa da zipriztinik ez ateratzeko behar den presioa.

Tanten zipriztinak aztertzeko, hainbat altueratatik utzi diote erortzen tantari ganbera itxi batean; eta abiadura handiko kamera batekin jaso dute tantak xafla batekin talka egiten duen unea. Grabazio bakoitzean, zipriztinetan eragin dezaketen aldagaiak aukeratu dituzte. Hiru likido erabili dituzte, guztiak alkoholak: metanola, etanola eta 2-propanola.

Tantaren inguruko gasa ere aldatu dute, helioa, kriptona eta sufre fluoruroa sartu dituzte ganberan, eta hainbat presiotan, gainera, giro-presioaren eta ehun aldiz txikiagoko presioaren tartean.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila