Ez dira egingo LHC azeleragailuaren proba guztiak

Ez dira egingo LHC azeleragailuaren proba guztiak
2007/07/01 | Elhuyar
(Argazkia: CERN)

Fisikariak zain daude LHC azeleragailua martxan noiz hasiko. CERN laborategiko azeleragailu berria izango da partikulen fisika ikertuko duen munduko makinarik handiena eta ahaltsuena: 27 kilometroko zirkunferentzia duen tunel batean lurperatuta dago Genevan, Suitzan, eta orain arte eragin dituzten partikula-talka indartsuenak eragiteko balioko du. Ustez, datorren urteko martxoan edo apirilean izango dute lanean (maiatzean, gehienez), baina, horretarako, egin gabe utziko dute proba nagusietako bat.

Proba horrek zerikusia du itxaropen handiena sortu duen esperimentuetako batekin; fisikariek gauzei masa ematen dien oinarrizko partikula bilatu nahi dute, Higgs bosoia. Esperimentu horrek energia asko eskatzen du, eta, horregatik, energia txikiko simulazio bat egin nahi zuten azaroan. Praktikan, simulazioa egiteko iman berezi batzuk behar dituzte, baina iman horiek ez dira prest egongo azarorako. Fermilab laborategi estatubatuarreko ingeniariek egin behar zituzten, baina arazoak izan dituzte, eta ez dituzte bukatu. LHC azeleragailuan lanean ari direnek erabaki dute aurrera egitea, Higgs bosoiaren esperimentuaren simulazioa egin gabe.

1
233
2007
7
011
Fisika
Berriak labur
6
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila