2021/02/24
eu es fr en cat gl
Aparecerá un contenido traducido automáticamente. ¿Deseas continuar?
Un contenu traduit automatiquement apparaîtra. Voulez-vous continuer?
An automatically translated content item will be displayed. Do you want to continue?
Apareixerà un contingut traduït automàticament. Vols continuar?
Aparecerá un contido traducido automaticamente. ¿Desexas continuar?
Ez dago desberdintasun esanguratsurik emakumeen eta gizonen garunen artean
Arg. Pixabay
Azken hiru hamarkadetan garunaren inguruan egin den ikerketa berraztertuta, Rosalind Franklin Unibertsitateko (AEB) zientzialariek ondorioztatu dute ez dagoela desberdintasun esanguratsurik emakume eta gizonen garunen artean. Egia da gizonen garuna handiagoa dela; jaiotzean % 8 handiagoa izaten da, eta bizitza osoan zehar mantentzen da hala (% 13 handiagoa nerabezaroan eta % 11 heldutan). Azken finean, gorputz handiek garun handiagoa behar dute. Egia da, halaber, garun handiagoek axoi handiagoak eta mielinizatuagoak behar dituztela, potentziala distantzia handiagora transmititu ahal izateko. Baina garunean ikusi izan diren beste desberdintasunak tamainarekiko zuzentzen direnean —esaterako, materia zuri/gris kantitatea, konexio intrahemisferiko/interhemisferiko erlazioa eta bolumen kortikal zein subkortikala—, desberdintasun horiek desagertu egiten dira. Hala, giza gorputza sexualki dimorfikoa den arren, ikertzaileek ondorioztatu dute giza garunean ez dagoela dimorfismo sexualik.
Garunak neuroplastizitate handia duenez, eta, beraz, kanpo-esperientziek egitura eta funtzio neuronalak alda ditzaketenez, ezin da erraz bereizi zein diren gizon eta emakumeen arteko berezko desberdintasunak eta zein diren faktore sozialek eragindakoak. Adibidez, hipotesi zaharrek zioten emakumezkoen garunak bi hemisferioen artean modu eraginkorragoan konektatuta daudela, eta gizonengan, berriz, hobea dela konexio intrahemisferikoa; beste hipotesi batzuek, gizonezkoek ikuspegi espazial hobea dutela —bisualizazioa zein errotazio mentala—; eta, beste hainbatek, emakumezkoek beste pertsonen esperientzia emozionala detektatzeko gaitasun handiagoa dutela. Bada, erresonantzia magnetiko bidez garuneko aktibitatea eta morfologia aztertuta, ez dute alde esanguratsurik ikusi hizkuntzaren, espazioaren eta emozioen prozesamenduan; % 1, besterik ez.
Ondorioz, argi geratu da tamaina dela garunean ikusi duten desberdintasun bakarrenetakoa, eta, gainera, beste organoetan hautemandakoa baino txikiagoa da: garunaren % 11aren aldean, bihotza % 17 handiagoa izaten dute gizonezkoek, birikak % 23, gibela % 14, area % 18, giltzurrunak % 19 eta tiroidea % 25. Tamaina-desberdintasunak ez du esan nahi dimorfikoak direnik; horiek denak ere, garuna bezala, monomorfikoak dira. Hala, organo horiek gizon eta emakumeen artean transplanta daitezke arrakastaz.
Oinarrian, genero-arrakala
Giza garunean dimorfismo sexuala bilatzeko saiakera asko egon dela ohartarazi dute lanaren egileek, eta guztiek portaera mailan ikusten diren desberdintasunak izan dituztela abiapuntu eta helduleku. Haien iritziz, gizon eta emakumeen osasun mentalean, lidergorako joeran, harremanetan, lanbideetan, prozesamendu matematikoan, enpatian eta bestelako jokabideetan ikusten diren desberdintasunei azalpen neurologikoa eman nahi izan zaie, izatez baldintzapen kulturalak eta genero-arrakalak sortutako desberdintasunak badira ere.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia
Proiektu honen laguntzaile izan nahi baduzu,
harpidetu. Urtean 28 € baino ez.