Eusko Jaurlaritzaren Intranet erraldoia

Eusko Jaurlaritzak jendearen kudeaketa administratiboa egin ahal izango duen Intranet erraldoia eratu nahi du; sistema berria publikoaren eskura egongo da. Intranet enpresa bateko ordenagailuak bata bestearekin lotzen dituen telekomunikazio-sarea da eta, horren bidez, enpresan dagoen informazio guztia sarearen erabiltzailearen eskura jartzen du. Informazioa gainera, enpresa barrutik zein kanpotik eskura daiteke.

Eusko Jaurlaritzaren sareak "Jakina" izena hartuko du eta balio ofizialeko eragiketak egiteko gai izango den datu-base eta sistema aurreratuz horniturik egongo da. Zerbitzu horrek, besteak beste, Etxebide zerbitzuko zerrendetan izen-emateko aukera emango dio erabiltzaileari. Jaurlaritzaren nahia "Jakina" administrazio-zerbitzu askotarako baliagarria izatea da.

Proiektu informatiko erraldoi hori diseinatzeko orduan informazioa babesteko beharra kontuan hartu da eta “hacker” edo pirata informatikoen sarrera galarazteko merkatuan dauden azken teknologiak erabili dira. Proiektua hiritarren eta Eusko Jaurlaritzaren artean komunikazio-bide berriak ireki nahi dituen ZUZENEAN izeneko egitasmoaren zatia da.

Informazio gehigarria 012 telefono-zenbakian edo http://www.euskadi.net Jaurlaritzaren web orrian eskura daiteke.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila