Nekazaritza Ekialde Hurbilean sortu zen, duela 10.000 urte inguru, eta hortik zabaldu zen gero Europa osora. Naturek argitaratutako lan batek argitu du Europako neolitizazio-prozesu horretan zehar, ehiztari-biltzaile europarrak behin eta berriz nahastu zirela Ekialde Hurbiletik etorritako nekazari haiekin. Orain arteko ikerketek aditzera ematen zutena oso bestelakoa zen: europar gizaki neolitikoak Anatoliatik etorritako nekazari horien ondorengo zuzenak zirela, eta ez zirela apenas nahastu hemen aurkitu zituzten ehiztari-biltzaileekin. Azken ikerketak, ordea, 3.000 urtez elkar gurutzatzen aritu zirela frogatu du.
Bostoneko Harvard Medical Schoolek gidatu du ikerketa. K.a. 6.000 eta k.a. 2.200 urteen bitarteko 180 indibiduo aztertu dituzte, Hungarian, Alemanian, Espainian eta Euskal Herrian aurkitutakoak. Nazioarteko ikertzaile ugariren lankidetza eskatu du, tartean Euskal Herriko Unibertsitateko Javier Fernandez Eraso eta J. Antonio Mujika Alustiza arkeologoena, Guardiako (Araba) Huesera trikuharriko aztarnategi arkeologikoa izan baitute ikergai, besteak beste.
Fluxu genetikoak populazio europarrak nola aldatu zituen aztertzeko, antzinako DNA eta modelizazio matematikoa bateratu ditu ikerketak. Eredu matematikoei esker konturatu dira nekazarien etorrerak marka genetiko desberdinak utzi zituela eremuz eremu. Horrek froga lezake, beraz, interakzio lokalen sare konplexuetatik eratorri zirela aldaketok, eta ez populazio osoaren fenomeno uniformeetatik. Ikuspegi horren balioa nabarmendu dute egileek, populazio historikoak denboran eta espazioan zehar nola aldatzen joan ziren argitzeko balio bailezake.