Britainia Handia duela 425.000 urte bihurtu zen uharte, Mantxako kanala sortu zenean. Ordura arte, Frantziari lotuta zegoen lurraren bitartez. 1985ean garatutako teoria baten arabera, bereizketa uholde batek eragin zuen. Orain, Londresko Imperial College zentroko geologo-talde batek horren frogak aurkitu ditu. Mantxako kanalaren itsas hondoko arrastoak dira: uraren higadurak eta harrien mugimenduak utzitako aztarnak.
Uholdea gertatu zenetik, aldaketa asko izan dira kanalean. Besteak beste, zientzialariek uste dute bigarren uholde handi bat gertatu zela duela 200.000 urte. Horrez gain, glaziazioetan kanala lehortu egin izan da, itsasoaren maila jaistearen ondorioz. Beraz, kanala batzuetan itsasoan murgiltzen da, eta beste batzuetan lehortu egiten da. Hala ere, geologoek uste dute duela 425.000 urteko uholdearen ondorioz sortu zela lehen aldiz Mantxako kanala.