Euri-zaparradetan ur-tantek duten banaketa ezagutzeko, ur-tanten erorketa behatu dute Frantziako Aix-Marseille Unibertsitatean fluidoen dinamika aztertzen diharduten bi zientzialarik. Hain zuzen, ikusi dute ezaugarri bertsuak dituztela tanta bakar batetik ateratzen diren eta zaparradetan ikus daitezkeen euri-tantatxoek.
Txorrota batetik tantak banaka erortzen utzi, eta erorketa grabatu dute, ur-tantei zer gertatzen zaien ikusteko. Abiadura handiagoa hartu ahala, tantaren forma aldatu egiten dela ikusi dute: lehenik, krepeen itxura hartzen du, hau da, zapal-zapal jartzen da; ondoren lapiko baten itxura izaten du, ipurdia goian duela; eta, azkenik, lehertu egiten da, eta hainbat tantatxotan banatu.
Abiadura hartu ahala aireak gero eta erresistentzia handiagoa eragiten dielako gertatzen zaie hori tantei. Une jakin batetik aurrera, airearen erresistentzia ur-tanta lodien barruko kohesio-indarra baino handiagoa da, eta tanta lodiak hautsi egiten dira.
Euri-urari ere antzeko zerbait gertatzen zaio hodeietatik behera erortzen denean. Tantak hautsi egiten dira, eta tanta lodi horietatik ateratako tantatxoak iristen dira guregana.