Eurasiako orain arteko bitxi apaindurik zaharrena aurkitu dute

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

eurasiako-orain-arteko-bitxi-apaindurik-zaharrena-
Stajnia kobazuloan (Polonia) aurkitutako zintzilikari apaindua. Arg. Antonino Vazzana/BONES Lab

Mamut-letaginez egindako zintzilikari apaindu bat da orain arte aurkitu den Eurasiako bitxirik zaharrena. Stajnia kobazuloan aurkitu zuten (Polonia), 2010ean, zaldi-hezurrez egindako tresna batekin batera, eta, erradiokarbonoaren datazio zuzenaren bidez, 42.000-37.000 urte dituela kalkulatu dute. Egileen arabera, ezagutzen den bitxi apaindu zaharrena da, eta pentsamendu sinbolikoaren sorrerarekin eta Homo sapiens espeziearen hedapenarekin erlazionatuta dago. Scientific Reports aldizkarian eman dute ikerketaren berri.

Ikertzaileek azaldu dutenez, itxura obalatua du, eta 4,5 cm luze eta 1,5 cm zabal da. Bi zulo ditu, haietako bat osorik, eta puntutxoz apainduta dago. 50 puntu baino gehiago dira, kurba irregular bat marrazten dutenak. Badaezpada ere, aztertu dute markak gerora egin ote zituzten, mamut-letagin zahar batean. Alabaina, zintzilikarioari itxura eman ziotenean eta markak egin zituztenean bolia freskoa zegoela baieztatu dute. Hau da, datazioak zehaztutako garaian apaindu zuten.

Eurasian aurkitu diren arte eramangarriaren beste adibide batzuekin alderatu dute, eta esanahia argitzeko hipotesi batzuk ere aztertu dituzte. Halakoetan, iradoki izan da ehiza zenbatzeko markak izan zitezkeela, edo egutegi-moduko bat, Ilargiaren edo Eguzkiaren zikloan oinarritutakoa, baina ez dute baztertu edertzeko izatea, besterik gabe. Edonola ere, pieza garrantzitsua da sinbolismoa eta arte eramangarriaren sorrera eta hedapena ikertzeko.

 
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila