Zuetariko batzuk gogoratuko duenez, “Eulia” izeneko filmean zientzilariak metamorfosia bitxia jasaten zuen: euliaren ADNa kromosometan itsasten zitzaion protagonistari eta ezustean, euli bihurtzen da. Itxuraldaketa sinesgaitz hori zientzia fikzioa da, noski: oraingoz, ez da gizakia euli bihurtzerik lortu, baina horrekin loturiko aurkikuntza harrigarria egin du biologo-talde batek. Ez du euli itxurako gizakirik aurkitu, baina bai euli arrastorik gizakiaren genoman. Ikertzaile horiek adierazi dutenez, mariner, ozpin-euliaren ADN zatia, gizakiaren kromosometara heldu da eta nerbio-sistemari eragin dio jadanik.
Orain arte ezagutarazi diren datuen arabera, mariner izeneko ADN zatia espezietik espeziera ezezik, primateetara ere igaro daiteke eta antza denez, gizakiarengana ere. Biologoen aburuz, mariner delakoa espezie berrian sartzen denean, genetan saltoka hasten da gelditu gabe. Aztoraldiaren ondoren, ADN zatia lasaitu egiten da eta geldirik dagoela aurkitzea ia-ia ezinezkoa da. Biologoek gizakiarengan aurkitu dutena beraz, oraindik aztoratuta dirauen ADN zatia da.
Charcot-Marie-Tooth izeneko gaixotasuna neurologikoa aztertzen ari zirela aurkitu zuten ozpin-euliaren arrastoa giza genoman. Gaixotasun ikaragarri hori oraindik nahikoa ezezaguna da eta sintomatologiari erreparatu behar zaio: zangoetako eta oinetako nerbio eta giharrak ahuldu egiten ditu gaixotasunak. “Eulia” filmean azaltzen den kontakizuna fikzioa bada ere, tamalez ezin dugu gaixotasun horri buruz gauza bera esan.