Etorkizuneko pinuak

Duke Unibertsitateko ikerlariek hurrengo mendean pinuek poluzio-baldintza berrien aurrean bere burua babesteko eratuko dituzten mekanismoak ezagutu nahi dituzte.

Ipar Carolinan pinudi berri bat dago Duke Unibertsitateko ikerlariek sorturikoa hain zuzen. Bistan denez, ez dira nolanahiko zuhaitzak, ezta basozainak ere! Ikerlan bitxi horren helburua izan ere, hurrengo mendean pinuek poluzio-baldintza berrien aurrean bere burua babesteko eratuko dituzten mekanismoak ezagutzea da. Hurrengo mendean ezagutuko ditugun baldintza ekologikoak aurresanez, pinudiaren inguruan karbono(IV) oxidoa ohi baino kantitate handiagotan ponpatzen dute, pinuak hurrengo mendean arrunta izango den egoera horretara egoki daitezen.

Orain arte kaleratu direnak behin-behineko ondorioak baino ez dira, baina ikerketaren martxaz baikor azaldu dira biologoak. Agidanez, pinuek fotosintesia egiteko oztoporik ez dute izango etorkizuneko baldintzetan eta inolako eragozpenik gabe haziko direla uste dute. Ipar Carolinako pinudiko aleak esaterako, ohi baino altuagoak dira behintzat.

Alabaina, hazkunderako joera horrek arerio nagusi bat izango du hurrengo urteotan: lehortea. Ikerlarien iritziz, pinuak ongi moldatzen dira epe motzera karbono(IV) oxidoaren emisioetara, baina lehorteari aurre egitea zailagoa izango zaie. Hipotesi hori baieztatzekotan, ureztatze-sistema berriak eta ur-menpekotasun txikiagoa izango duten landare-hibridoak aztertzeari ekin beharko zaiola iragarri dute.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila