Etorkizuneko jaurtigailu espazialak

NASA erakundeak ohizko produkzio-moduak baztertu eta enkarguzko lanak agintzeari ekin dio. Albistea aeronautika alorrean diharduten enpresa estatubatuarrentzat bereziki interesgarria gertatu da, milioi askotako egitasmoa jarri baitzaie eskura.

Gaur egun erabiltzen diren jaurtigailu espazialak ordezkatuko dituen etorkizuneko eredua prestatzen ari dira jadanik, RLV izenaz ezagutzen dena, hain zuzen. NASA eta industriaren arteko lankidetza teknologia berriak sustatzean gauzatuko da eta 1999an erabakiko da egitasmoak aurrera egiterik izango duen ala ez.

RLV edo berrerabilgarria den espazio-automobila egiteak kostu itzela izango du. NASA eta EEBBetako Defentsa Batzordeak 100 milioi dolarretako aurrekontua erabili ahal izango dute aurten bertan probetarako erabiliko den X-33 eredua sortzeko.

Jaurtigailu espazial berrian itxaropen handia ei dago. Garraio-kostuak murriztea da helburu nagusia eta horretarako zenbait aurrebaldintza ezarri dituzte. Jaurtigailu berria gidaririk gabe higitu ahal izango da eta begiz jotakoa betetzekotan, 2 tonako garraio ahalmena gutxi gora-behera izango du.

NASA eta sektoreko enpresen arteko elkarlana ez da gaur goizeko kontua. Oraingoan, ordea, prototipoak sortzeko agindua eman izanak lanerako aukera berriak eskaintzen dituela nabarmendu da. Edonola ere, erronka berriaren aurrean beldur azaldu denik ere bada. Proiektua lantzeak duen ikerketa- eta diru-kostua izan ere, Kongresuko ordezkariek 1999an hartuko duten erabakiaren menpe egongo baita. Ikerlariek diotenez, sortze beretik hiltzera kondenaturik dagoen egitasmoa izan daiteke.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila