Frantziako ikertzaile batzuek bide bat aurkitu dute estromatolitoetan lehen bizidunen aztarnak aurkitzeko. Material karbonatodunak milioika urtean pilatuz eratutako harrizko egiturak dira estromatolitoak, eta haietan daude gordeta Lurreko lehenengo bizidunen aztarnak, 3.500 milioi urte dituzten mikrobioenak, hain zuzen.
Baina arazoa da estromatolitoek beste osagai batzuk izan ditzaketela, mikrobioen kaltzio karbonatoaz gainera. Leizeetan estalaktitak eta estalagmitak sortzen diren antzera, mineralen prezipitazio soilez ere era daitezke.
Zientzialariek, beraz, estromatolitoen artean bizidunen aztarnak bilatzeko modu bat aurkitu nahi zuten. Mikroskopia- eta espektroskopia-metodo aurreratu batzuk erabiliz lortu dute Frantziako ikertzaileek. Zelulen forma duten materia organikozko globulu batzuk hauteman dituzte arroken barruan STXM mikroskopiaren bidez, eta mikrobioek bakarrik ekoizten dituzten molekula batzuk, hala nola azido karboxilikoa, NEXAFS espektroskopiaren bidez.