Klimatologoak harrituta geratu dira konexioarengatik. Bazekiten estratosferaren kondizio fisikoek eragina dutela ozeanoaren ur-azalean, baina ikerketa batek aurkitu du lotura hori are sendoagoa dela: estratosferaren eragina itsaspean bi mila metroraino iristen da.
Eragina nabarmena agertu zaie Utah-eko Unibertsitateko adituei datu-bilduma erraldoi bat aztertuta. Batetik, datu teorikoak bildu dituzte; denboran atzera 4.000 urte aztertzen dituen NOAA agentziaren eredu teorikoaren datuak dira. Bestetik, 30 urtez jasotako eguraldiaren eta ozeanoaren datuak aztertu dituzte. Eta datu horiek konbinatuta aurkitu dute estratosferaren dinamikak ozeanoen gorabehera fisikoen % 30 azaltzen duela; oso zenbaki altua da, estratosferaren eta ur-azalaren artean troposfera zurrunbilotsua dagoela kontuan hartuta.
Bi urtean behin, estratosferaren tenperatura hamarnaka gradu igotzen da, eta horrek mantsotu egiten du Ipar poloaren gaineko haize-zurrunbiloa geruza hartan. Biraketa-norabidea aldatzea ere eragin dezake. Eta estratosferan gertatzen den hori ozeanoan islatzen da; batez ere, Atlantikoaren iparraldeko zirkulazio termohalinoa aldatzen du eta horrekin ur-lasterren patroi osoa.
Utah-eko Unibertsitateko adituen lanak argi utzi du arretaz aztertu behar direla estratosferako gorabeherak klimaren eredu zehatza osatu ahal izateko.