Esperantza berria diabetikoentzat

Duela 75 urte inguru diabetikoek hiltzea beste askorik ezin zuten espero. Gaur egun gauzak asko aldatu dira eta diabetikoen bizi-kalitatea askoz ere hobea da. Hala ere, nahikoa lan ematen du diabetea izateak (elikadura zaindu beharra, injekzioak...), bereziki 1 motako diabetea (intsulina ezak edo eskasiak sortutakoa) izateak.

Teknikak hobetu ahala, batetik, azken urteotan gene-terapiarekin saiakuntzak egin dituzte. Area sortu eta horrek intsulina ekoiztea eragiten duena PDX-1 proteina da. Beraz, diabetea zuten laborategiko saguei proteina hori kodetzen duen genedun adeno birusa injektatu zaie gibelean. Landutako hipotesiaren arabera, birusa zeluletan sartu eta bere geneak zelularen geneekin batutakoan, zelulek PDX-1 proteina ekoitzi eta, era berean, intsulina ere ekoitziko lukete. Eta horrela gertatu zen. Adenobirusa injektatu eta gutxi gorabehera 48 ordura saguak intsulina ekoizten hasi ziren eta odoleko glukosa-maila ohiko mailara jaitsi zitzaien. Gibeleko zelulen % 60 inguru areko zelulak bailira hasi ziren lanean.

Bestetik, teknika horiek hobetzearekin batera gizakietan saiakuntzak ere egin dira. Azkenetakoa zazpi gaixori egindako transplantea da. Guztiek 1 motako diabetea zuten eta areko Langerhans-irlak transplantatu zizkieten immunoeskasia glukokortikoderik gabe eragitearekin batera (transplanteetan beharrezkoa da immunoeskasia eragitea errefusak saihesteko). Saiakuntza horren aurretik egindako 267 are-transplanteetan immunoeskasiarako beste produktu batzuek erabiltzen ziren eta gaixoen % 8,2k soilik egon ahal izan du kanpo-intsulinarik gabe urtebete baino gehiago. Oraingoan, batezbesteko 11,9 hilabeteko jarraipena egin ondoren, oro har, ez dute kanpo-intsulinaren beharrik izan. Gaixo batek lau aldiz behar izan du kanpo-intsulina beste hainbeste gaixoalditan. Beste gaixo batek ere kanpo-intsulina behar izan du (7 U) bi eguneko gaixoaldian. Gainerakoetan ez dute arazo aipagarririk izan. Beraz, badirudi 1 motako diabeteari aurre egiteko transplanteen bideak aurrera darraiela, oraindik proba eta azterketa gehiago egin behar den arren.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila