Esne Bidearen mapa osatuena, Gaiaren eskutik

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

esne-bidearen-mapa-osatuena-gaiaren-eskutik
Mila milioi izar baino gehiago bildu ditu Gaiak. Arg. ESA/Gaiai/DPAC

Gaia sateliteak bere lehen lan-urtean behatu dituen izarrekin osatutako mapa aurkeztu du Europako Espazio Agentziak (ESA). Gaiaren helburua Esne Bidearen hiru dimentsioko mapa osatzea da, eta dagoeneko mila egun daramatza lanean. Orain, lehen urtean jasotako irudiekin osatutako mapa aurkeztu du ESAk; mapak mila milioi izar baino gehiago biltzen ditu.

Izarren kokapena ez ezik, haien distira ere neurtu ditu Gaiak, eta haietako batzuk xehetasun handiagoz ere aztertu ditu. Hala, bi milioi izarren distantziak eta mugimenduak ere jaso ditu.

Europa osoko 450 zientzialari eta informatikari aritu dira Gaiak jasotako datuak interpretatzen. Emaitza ikusgarria da: aurreko katalogoak baino 20 aldiz izar gehiago ditu oraingoak, eta bi aldiz zehatzagoa da. Tartean, 2.149 izar aldakor ere aztertu ditu, adibidez. Izar horiek handitu eta txikitu egiten dira ziklikoki; horren ondorioz, argitasun aldakorra dute. Haietako asko Magallanesen Hodei Handian daude, eta Gaiak bere lehen hilabetean aztertu zuen inguru hura.

ESAkoen arabera, orain arte bildutako datuak oso baliagarriak izango dira etorkizunean izar gehiago aztertzeko eta haiekiko distantzia zehazteko. Izan ere, misioa ez da hemen amaitu: Gaiak mila milioi izar aztertu ditu, inoiz baino zehaztasun handiagoarekin, baina horiek Esne Bideak dituenaren % 1 baino ez dira.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila