Europako Espazio Agentziaren Gaia misioak Esne Bideari buruzko datu-andana berria argitaratu du, datu horiek aztertzen dituzten lan zientifikoen bildumarekin batera. Milioika izarren osaera kimikoa eta hiru dimentsioko mugimendua jaso dituzte, baita izarretako seismoak, mugimendu asimetrikoak eta beste hainbat datu harrigarri ere. Datu guztiak eskuragarri jarri dituzte.
2014 eta 2017 artean jasotako datuak eta horiekin egindako azterketak dira aurkeztu dituztenak. Ia bi mila milioi izarren informazio berria eta hobetua bildu dute: besteak beste, konposizio kimikoak, tenperaturak, koloreak, masak, adinak eta gugandik zer abiaduratan ari diren hurbiltzen edo urruntzen (abiadura erradiala).
Informazio berriaren zati handi bat espektroskopia bidez lortu dute, izarren argia koloreetan banatuz. Horrek izarren osaera kimikoari buruzko informazioa ematen du, eta, informazio horretatik abiatuta, izarraren jatorria, adina, tenperatura eta abar jakin daitezke.
Hala, Esne Bidearen historiari eta eboluzioari buruzko informazioa jasotzen duen mapa kimiko osatu bat lortu dute, non izarren generazio desberdinak identifikatu dituzten. Ikusi dute galaxiako izar batzuk jatorrizko materialez osatuta daudela; eta beste batzuk, Eguzkia kasu, aurreko beste izar-belaunaldien materialarekin aberastuta daudela.
Esne Bidean aniztasun handia dagoela berretsi dute. Eta, konposizio kimikoan oinarrituta, ikusi ahal izan dute badirela izar batzuk beste galaxia batzuetatik etorriak. Izan ere, Esne Bideak kanpoko beste galaxia batzuk irentsi izan dituela ere ikusi dute.
Aurkikuntzarik harrigarrienetako bat izarretako seismoak izan dira. Izarren forma aldatu dezaketen tsunamien gisako eskala handiko bibrazioak detektatu dituzte, milaka izarretan, baita, egungo teorien arabera, horrelakorik espero ezin zitekeen izar batzuetan ere. Izarrak ikertzeko bide berri bat izan daitezke seismo horiek; informazio asko ematen baitute, batez ere, izarraren barne-funtzionamenduari buruzkoa.
Horrez gain, 800.000 sistema bitar baino gehiagoren masa eta bilakaera ere jaso dituzte. Baita 156.000 asteroideren eta Esne Bidetik kanpo dauden beste milioika galaxia eta quasarren informazioa ere.
Elhuyarrek garatutako teknologia