Esne Bidea azkar sortu omen zen

Kanariako Astrofisika Institutuko (IAC) eta Italiako Paduako Unibertsitateko ikertzaileek Esne Bidea oso azkar eratu zela egiaztatu dutelakoan dira. Ikerketa galaxiako izar zaharren edo kumuluen adinean dago oinarrituta. Dirudienez kumulu horiek denak ia aldi berean eratu ziren, 500 eta 1.000 milioi urteko tartean. Datu horiek erabilita, Esne Bidea ere denboraldi berean eratu zela ondorioztatu dute. 1.000 milioi urte Esne Bidearen adinaren % 5 da, oso denboraldi laburra, beraz. Esne Bidea askoz polikiago eratu zela dioten teoriak ere badaude, eta horien ustez 4.000 edo 5.000 milioi urte behar izan zituen gure galaxiak oraingo itxura hartzeko. Azken 50 urteetan teoria batetik bestera saltoka ibili dira ikertzaileak. Batzuetan azkar eratzea indartzen zuten aurkikuntzak egiten ziren eta besteetan, berriz, motel eratzearen aldekoak. Azken boladan bazirudien motel eratzearen teoria gailenduko zela, baina Kanarietako eta Paduako astrofisikarien aurkikuntzak berriro ere eztabaida piztu du.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila