Zientziaz arduratzen garenontzat fenomeno kezkagarria da Errusian egun gertatzen ari dena. Herriak zientziarekiko fedea galdu eta para- eta sasizientzietan aurkitu du sinesmen berria. Parazientziako hitzontziek bereganatzen dute jendearen arreta eta makina bat dira horren aitzakian ospea hartzen ari direnak. Eragin handi horren adibidetzat Vladimir Jirinoski-ren hauteskunde-arrakasta aipatzen da. Izan ere, telebistaz ia oro senda dezakeela dioen Kashpirovski dk.ak bere alde egin zuen.
Zientzia eta teknologia indarrez bultzatu zituen erregimen zaharrak; kazetaritza zientifiko bikaina zuen Sobietar Batasunak; milioika ale saltzen zituzten zientzi liburu eta aldizkarigileek. Alabaina, sobieten indarraren ahultzearekin batera beren sinboloak ere baztergarri bihurtu dira, antza. Horretan egon liteke egoera horren gakoa.
Para- eta sasizientziaren uholdea kezkatzekoa da, dena dela; gotorleku sendoenak ere suntsitzen ari baita. Joera horren kontra tinko aritu den Izvestia egunkari ospetsua ere ito du, denboraren makina asmatu omen duen traktore-gidari bati buruzko erreportaia argitaratu berriak darakusanez.
Ez pentsa gu, Euskal Herrian, hobeto gaudenik; gure kaleetako paretetan itsatsitako iragarkiei begiratzea baino ez baitago zenbat i kastaro, hitzaldi, ekitaldi, etab. xelebre eta parazientifiko eskaintzen diren ikusteko.