Errusia antisorgailurik gabe geratuko da laster, bertako osasun-erakundeek adierazi berri dutenez. Errubloaren ahulezia dela eta, azken urteotan ez da mendebaldetik antisorgailurik inportatu eta lizentzia italiarra duten bi kondoi-enpresak itxi egin behar izan dute, latexa inportatu ezinda. Estatu osoan zegoen diafragma-antisorgailuak egiten zituen lantegi bakarrak itxi behar izan du, kalitate txarreko produktua eskaintzeagatik.
Antisorgailu eza arazo larria da famili plangintza egin nahi duten emakume errusiarrentzat. Urtero, lau milioi abortu izaten dira Errusian, hau da, jaiotze-kopuruaren bikoitza. Emakume askok ilegalki abortatzen du eta gainera baldintza higieniko penagarritan. Hala ere, ospitaletan buruturiko abortuak ez dira askoz ere baldintza hobeagotan egiten: ekipoak zaharkituta daude eta anestesistak zein antibiotikoak falta dira. Abortuaren edo jaiotzearen ondoko infekzioa izatea oso arrunta da.
Gobernuak famili planifikaziorako zentruak irekitzeko bost urtean burutu beharreko plangintza antolatu du. Baina, monetaren ahuleziak eta antisorgailu- zein espezialista-eskasiak plangintza pikotara bidal dezakete. Gainera, ekonomi krisialdi honetan famili plangintza oso atzean dago gobernuaren lehentasunetan.
Jaiotze-tasa txikiagotzea dela eta gobernua kezkaturik dago; zenbait ospitaletatik adierazi dutenez, jaiotze-tasa erdira baino gutxiagora etorri bait da. Zenbait emakumek dioenez, egoera politiko eta ekonomikoa omen da haurrak ez izatearen arrazoi nagusia. Baina, beste arrazoietako bat, abortu-maiztasunak eragindako antzutasuna da.
Joan den urtarrilean, Osasun-ministraritzako amak eta haurrak zaintzeko saileko buru den Inge Grebesheva pediatrak, Errusiako famili plangintzarako elkartea gobernutik kanpo sortu berri du eta hurrengo hilabeteetan erakunde hau estatu osora zabalduko dela espero du. Erakunde honek, batez ere, hezkuntzara bideratuko ditu bere ahaleginak eta lehenengo lana irakasleak sexu-hezkuntzan hezitzea izango da.